XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Imajina al dezakegu euskal kultura banaketa-saririk gabe, eta euskal liburua liburu-dendetan agertzen ez dela?

Nekez. Baina batzuk ez dugu irudimen beharrik horretarako. Aski dugu memoria erabiltzea, eta gogoratzea ia frankismo osoan euskal liburuak ez zuela izan lekurik liburu-dendatan. Donostian bertan zer, gehienez ere pare bat dendatan aurki zitezkeen euskarazko liburuak.

Erosleak abonamenduz jaso ohi zituen liburuak, orain aldizkariak hartzen dituen modura.

Gaur egun liburu-dendarako bidea zeharo normalizatua dago euskal liburugintzan. Bide hori batez ere banaketarien bidez egin ohi da, ondo eta azkar, itxura guztien arabera.

Euskal liburuaren irakurleak ez du aitzakiarik. Liburu-dendan aurki dezake liburua, nobedadea bada; eta fondokoa bada, pare bat egunetan eskura dezake.

Baina euskal liburuak baditu gutxi (edo oso gutxi, edo batere ez) erabiltzen dituen kanalak. Adibidez, posta bidezko salmenta, irakurle-kluba, eremu handietakoa, kioskoa. Salmentagune guzti horietan euskal liburua falta da ia, lehen urratsik eman bada ere.

1995ean IKEIk euskal liburuaren sektoreaz antolatu zuen mahainguruan esan nuen agian banaketaren arazoa zela sektore guztian gehien aurreratu zuena eta normalizazio-maila handiena lortua zuena.

Erantsi behar zaio horri, urrats horiek justu oraintxe aztertzen dugun garaiarekin kointziditzen dutela, 20 urte hauetantxe eman baita aldaketa hori.

Eboluzio horren aztarna batzuk jarraituko ditugu, hasteko. Eta gero, egungo panorama deskribatuko dugu.